2025(e)ko apirilaren 26(a), larunbata

HAN EZ BANEGO BEZALA- Slavenka Drakulic


SINOPSIA

Han ez banengo bezala eleberra 1992. urtean dago girotuta, Bosniako gerraren aldirik latzenean hain zuzen ere; eta gerraren alderdirik izugarrienetariko bat erakusten du: emakumeen aurkako bortizkeria. Horretarako, emakume baten historioaz baliatzen da. Emakume hori S. da, eta liburuan zehar agertzen diren emakume zein gizon guztiak anonimoak dira, euren pribatasuna bermatzeko. S. ren testigantza gizatiar eta urratzailearekin, Bosniako gerran egindako hainbat sarraski azaltzen ditu modu errealistan; emakumeek pairatu behar izan zituzten abuso sexualak ez ezik, gizon musulmanek jasan behar izan zituzten torturak eta hilketak ere aipatzen ditu. S., protagonista, bosniar gazte musulmana da, herri bateko eskola batean irakasle gisa lan egiten duena. Egun batean, soldadu serbiarrek kontzentrazio-esparru batera eramaten dute. S.k entzunda zeukan gerran zeudela, baina ez zion jaramonik egin nahi, beste alde batera begiratu nahi zuen, eta gertatzen ari zena berarekin zerikusirik ez balu bezala jokatzen zuen. Hortaz, familiarengandik bananduta, beste emakume nekazari batzuekin batera giltzapetu zuten. Hasieran, hitz egiteko beldurra erabatekoa zen; soldaduek esaten zutenari men egiten zioten birritan pentsatu gabe. Hala, euren dirua eta bitxiak eman zizkieten, gauza baliotxurik geratu gabe. Gainera, emakume jakin batzuei deitzen zieten, gerora bueltatzen ez zirenak. Zurrumurruak zeuden bortxaketak jasaten zituztela, baina S.k ez zuen uste berari gertatuko zionik. Hala ere, egun batean S. hartu eta eraman egin zuten. Orduan gertatu zenari buruzko deskribapen latza egiten du: 3 soldaduek bortxatu egin zuten. Are gehiago, tratu txarrak ere jaso zituen eta erabat abailduta utzi zuten, kasik hilda. Hurrengo egunean, emakumeez betetako gela batean iratzarri zen, gorputz osoa ubelduta zeukala. Emakumeen gela deitzen dietela jakin zuen beranduago. Egun hartatik aurrera hasi zen benetako infernua; gauero etortzen ziren soldaduak emakumeen bila eta erabat ahulduta eta minduta iristen ziren, abusu fisiko, sexual eta psikologiko sistematikoak pairatuz. Deskribatzen duen egunerokoaren bidez, izugarrikeria, gizatasuna galtzea eta biktimak isilaraztea islatzen du. Haatik, egun batean S. deitzen dute kapitainarenera joan dadin. Izan ere, elkarrizketaren bidez, S. ohartzen da kapitaina bakarrik sentitzen dela eta seguraski sexu-irrika duela. Are gehiago, ziur dago bera aukeratu duela esparruan ikasketak dituen emakume bakarra delako. Handik aurrera, kapitainarekin harreman bat eratzen du, horrek hainbat pribilegio ekarriko zituelako kontzientziarekin. Horrela S.k, behintzat, lortzen du tratu txarrak ez jasotzea. Hilabeteak pasa ondoren, preso-trukearen zurrumurruak darabilte esparru osoan, eta hasiera batean sinesten ez bazuten ere, azkenean iritsi zaie handik alde egiteko ordua. Era berean, preso izatetik iheslari izatera pasatu dira bertako emakume guztiak. Dena den, sufrimenduaz haratago, testuak azaltzen du nola saiatzen den protaginista bere nortasuna berreraikitzen eta bere gizatasuna berreskuratzen trauma ondoren. Baina oso zaila da, bera arrotz sentitzen baita, barrutik hilik akaso. Bere gorputza berea ez balitz bezala sentitzen du. Hori gutxi balitz, gurasoak eta arreba hilik daudela jakinarazten diote, aurrera egitea asko zailtzen diona. S., Zagreb-eko iheslari-esparrura iristen da, eta bertan ematen ditu egunak, asper-asper eginda betiko historioak entzuteaz. Halakoan, Suediara joateko dokumentazioa lortzen du, eta hara abiatzen da talde batekin. Dagoeneko erabat nazkatuta dago denbora guztian taldean egoteaz, bakardadea nahi du. Aireportuan, eskolako lagun batekin egiten du topo, eta honi esker, lagunaren etxean egotea lortzen du. Era berean, bere lagunari esker, etxe bat izateko dokumentazioa lortzen du. Tartean, S. haurdun dagoela onartu du, eta jaio bezain laster adopzioan eman behar duela da argi daukan gauza bakarra. Ordua iritsi zaionean, erditu eta bere hasunareketekin hasten da; umeak nazka ematen dio, baina haurrak ez du inongo errurik, eta gainera bere etorkizuna dagoeneko baldintzatuta dago.

IRITZI KRITIKOA

Gehien gustatu zaidana S.ren ahotsaren bidez ematen den historio benetan hunkigarria eta erreala izan da. Gerra baten erdian, emakume honek duintasuna, identitatea eta existentziari eusten dio. Asko gustatu zait nola haibeste gertakari latzen ondoren (lagunen eta familiaren hilketak, bortxaketak, haurdunaldia…), aurrera jarraitu du bizitzan. Halako egoera baten aurrean errazena bere buruaz beste egitea izango litzateke, baina berak borroka egitea aukeratu du, bere etorkizunerantz begiratzea eta identitate berri bat eraikiz bere bizitza eta gorputza berreskuratzea. Bestalde, duinak eta anonimoak diren beste emakume batzuk jasan behar izan zituzten izugarrikerien isla izan da kontakizuna. Gainera, asko gustatu zait nola saiatzen den beti egoeraren motiboa aurkitzen, ekintza hori ulertu nahi balu bezala. Eta baita horiek eragiten dizkioten hausnarketak ere. Dena den, hasieran Bosniako Gerrari buruz gehiago hitz egitea gustatuko litzaidake. Irakurle batzuek, ni barne, ez dakigu ezer Bosniako gerraz, eta beraz hari buruzko ezaugarri edo xehetasun batzuk lagungarriak gerta litezke irakurlea hobeto orientatzeko. Era berean, pertsonaiak ez dira asko deskribatu eta garatu, eta gainera euren izenak anonimoak izanda, letra batez deitzen zituen, eta askotan galdu egiten nintzen, ahaztu egiten bainintzen pertsonaiez. Izan ere, bukaera zehatzago bat gustatuko litzaidake, alegia, itxia izatea eta ez irekia, amaieran ez baita argi gelditzen umea hartuko duen hala ez, bere bizitzarekin zer egingo duen…

ERRESEINAREN EGILEA: JUNE DIEZ


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina