SINOPSIA
Rosa izeneko emakume bat, behartuta Tomasekin ezkondu zen eta Nafarroako herri txiki bateko gasolindegia hartu zuten haien bizimodua aurrera ateratzeko. Gizonaren amak nahi izanda ezkondu ziren, nahiz eta emakumea guztiz gustora ez egon. Martxa horretan, gauzak okertzen hasi ziren eta Tomasen jarrera aldatu egin zen. Tomasen amak, egoera okertzen zuen eta haien arteko liskarrak areagotzen zituen. Gizona egoera horietan Rosa jipoitzen hasi zen. Tratu txarrak, hala nola, irainak eta jipoiak, nagusiki, Tomas mozkortzen zenean jasotzen zituen.
Honela, Rosa depresioan erori zen egoera hark guztiz gainditzen baitzuen emakumea. Nolanahi ere, gutxien espero zuen unean Inazio kamioiko txoferra ezagutu zuen eta harekin maitasun harreman bat izatea erabaki zuen, Tomasek horren berri izan gabe.
Protagonistaren egoerari irtenbidea emateko, Rosari Tomas hiltzearen ideia bururatu eta Inaziorekin batera hilketa planifikatuko du. Gau batean, Tomas eta Rosa elkarrekin zeudela, Inaziok Tomasi kolpe bat eman eta bertan hil zuen. Tomas eta haren autoa amildegi batetik bota zuten, istripua izan zenaren itxura egiteko. Hala ere, Rosak akats bat egin zuen eta garesti ordainduko du horregatik.
IRITZI KRITIKOA
Liburu honetan gehien gustatu zaidana lantzen dituen gaiak izan dira. Genero indarkeria bezalako gai gogor bati heltzeko oso modu hurbila iruditu zait. Gainera, psikologoarekin egindako saio itxurako egiturak Rosa barrutik ezagutzeko aukera ematen du, bere kontraesan guztiekin, bere minarekin eta askatze nahiarekin.
Bestalde, liburua astun xamarra iruditu zait eta agian bukaera pixka bat gehiago garatzea gustatuko litzaidake. Rosaren askatasunaren alde egiten du istorioak, baina galdera batzuk irekita uzten ditu. Itxiera argiago bat eskertuko nuke.
Izenburuari dagokionez, “Zoaz infernura, laztana” ironikoa eta egokia da. Esaldi bakar batean laburbiltzen du Rosaren eta Tomasen arteko harremana definitzen duen maitasun, gorroto eta menpekotasun nahasketa hori. Indartsua da eta oso ondo islatzen du gatazkaren mamia.
ERRESEINAREN EGILEA: LIBE IRIZAR
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina